Alkoholiko Anonimoak eta Al-Anon (alkoholikoen senideak) elkarteek 23 urte daramatzate Zumaian lanean; bietako partaideekin bildu gara beren lana ezagutzeko "Askotan esaten digute sekta bat garela, anonimotasunagatik, ez garelako zerrendetan agertzen... Baina hori ez da horrela: anonimotasuna ez da ezkutatzeko neurri bat, babes neurri bat baino ez da. Taldearen barruan zintzotasun osoz, askatasun osoz, hitz egiten dugu, barrenak askatzen ditugu, neurri batean, badakigulako taldean hitz egindakoak ez direla handik irtengo. Anonimoak garelako".
Alkoholiko Anonimoak eta Al-Anon, lan isila egiten duten bi elkarte: "Alkoholiko Anonimoak ezagunagoa da; alkoholikoak biltzen ditu. Al-Anonen berri, berriz, jende gutxik du. Alkoholikoen senideak biltzen ditu. Izan ere, senideek ere laguntza behar izaten dute egoerari aurre egiteko".
Elkartearen lehen helburua da senideei laguntzea, gero senide alkoholikoari lagundu ahal izateko. Estatistikek diote alkoholiko bakoitzetik zazpi lagun daudela kalteturik. "Senideek askotan medikuen laguntza behar izaten dute egoerari buelta emateko. Asko kostatzen da ulertzea alkoholismoa gaixotasun bat dela. Al-Anoneko bileretan aurrena Barrena hustutzen dugu, gure arazo berbera duen jendearen aurrean, ulertuko zaituen jendearen aurrean. Jarrerak eta sentimenduak kontrolatzen ikasten duzu gero".
Elkartean parte hartzeko ez da inon izenik eman behar. Nahikoa da bilerara agertzea. "Hemen denok arazo berbera dugunez, badakigu berriari nola egin ongi etorria. Hitz egiteko gogoa badu, guk entzuten badakigu. Eta hasieran ez badu gehiegi hitz egin nahi ez dugu inor behartzen. Taldeko kide batekin bakarka nahiago badu, aukera hori ere ematen dugu".
Behin senideak egoeraren jabe direnean, beren sentimenduak kontrolatzeko gauza direnean eta jarrera egokiak zein diren ikasi dutenean, alkoholikoari laguntzeko prest daude. "Alkoholikoari bere ekintzen arduradun egin behar zaio. Esate baterako, egun batean ez badu lanera joan nahi, berak deitu dezala lanera. Askotan senideek egiten dute, aitzakiaren bat asmatuz. Edo zorren bat utzi badu nonbaiten, zorra kitatu bai, baina zordunari esan azken aldia izango dela eta aurrerantzean alkoholikoarekin konpontzeko. Laguntza eskaini bai, baina ez aurpegia zuritzeko. Senideek alkoholikoa kontrolatzeko joera dute. Hori ez egiten ere ikasi behar da".
Gizartea, itsu
Alkoholak presentzia handia du gure eguneroko bizitzan, baina alkoholismoa ez da ikusi nahi. Gizarteak ez du gaixotasun bat bezala ikusten. Adibide bat jarri digute: "Aurreko batean bazkaria izan genuen senideekin. Bat gerturatu zitzaion senarrari, alkohola eskainiz. "Benga, hori gaindituta daukak eta gaurko egunez zerbait edango dek". Senarrak ezetz, ez diola azalduko zenbat urte daramatzan edan gabe eta egun horretan behintzat ez zuela edateko asmorik. "Joango haiz alboko barrara. Nahiago mozkor ezaguna alkoholiko anonimoa baino", bota zion gero. Horretan bere burua erabat erretratatu zuen. Ba horrelako jarrerak daude gizartean".
Beren esperientziagatik, segituan ohartzen dira norbaitek laguntza behar badu. Baina ez dira zuzenean beraiengana joaten. "Askotan okerrago izaten delako. Laguntza behar duenak eman behar du urratsa. Bestela, alferrik da".
Behin senide alkoholikoak bere egoerari buelta ematen dionean, konfiantza berreskuratzea omen da zailena. Horregatik, ohitura zaharretan ez erortzeko, taldeko bileretan parte hartzen jarraitzen dute. "Mesede handia egiten digu. Gainera, guk uzten badugu, nork lagunduko die berriei?"
Alkoholiko Anonimoak
Berdin berdin funtzionatzen du Alkoholiko Anonimoak elkarteak. Hauek ere 23 urte daramatzate Zumaian lanean. "Ez da hitz egiten ez politikaz, ez erlijioaz, gure arazoaz bakarrik hitz egiten da. Ez da lista pasatzen, eta bakoitzak ahal duen aportazioa egiten du, gastuentzako. Baina ez da derrigorrezkoa". Beraien esperientziaz hitz egin digute:
-"Nik ate hori lehen aldiz zeharkatu nuenean sekulako maitasuna sumatu nuen, itxaropena eman zidaten, laguntzeko prest zeuden, besoak zabalik".
-"Orain ere taldera etortzeko premia sentitzen dugu, hau behar dugu ondo egoteko. Pozoina hor dago beti zain, eta nahikoa da edozein makalaldi, edozein ezbehar berriro erortzeko. Taldera etortzeak indarra ematen dit horri aurre egiteko".
-"Gertukoenei egindako kalteaz jabetzen zarenean, oso gogorra da. Ahal den okerra zuzendu, eta bestearekin aurrera segi behar da. Senideentzat oso gogorra da, denetik entzun behar izaten dutelako. Zu ez zara konturatzen, burbuila batean bizi zarelako"
-"Hona iristen zarenean txikituta zaude. Kalean tximu baten pare tratatu zaituzte. Beraz, lehenengo gauza pertsona hori maitasunez tratatzea da. Gero, entzutea. Tabernetan ez baitzaio entzuten, ez da aintzat hartzen hark esandakoa".
-"Askotan alkoholikoa sarri mozkortzen denarekin nahasten da. Ez du zertan horrela izan behar. Nire bizitzan hiru aldiz mozkortuko nintzen, eta alkoholikoa naiz".
-"Beste alkoholiko batek baino hobeto ez ditu ulertuko alkoholiko baten arazoak"
-"Hemen entzuten ikasten duzu. Hau pribilejio bat da guretzat, hemen zintzotasun osoz hitz egiteko aukera dugulako. Emazteari edo psikologoari ere ez dizkiogu kontatzen hemen esaten direnak".
Telefonoak eta bilerak:
Senideak (Al-Anon)
Bilerak: asteazkenetan 20:30ean eta larunbatetan 19:00etan, parrokiako etxean.
Telefonoa: 650265963
Alkoholiko Anonimoak
Bilerak: asteartetan 20:00etan eta larunbatetan 19:00etan, Udaltzaingoaren ondoan.
Telefonoak: 629141874 / 943248474
2009-12-03
Interesgarri iruditu zaidan testu hau Baleike.com web-orritik hartu dut eta blogean eskegi dut irakur dezazuen.
Etiketak:
Al-Anon,
alkoholiko anonimoak,
baleike.com,
esperientziak,
interesgarri
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario