2010-01-20

Alkoholak elikagaiekin batera hartzerakoan gerta daitezkeen arazoetaz hitzegiten duen testu hau eroskiko consumer aldizkarian aurkitu dut.


Alkohola elikaduran
: Uste baino eragin larriagoa du gure organismoan

Tabakoarekin batera, Espainiako 15 eta 65 urte bitarteko populazioaren baitan osasun-arazo gehien sortarazten duen sustantzia da

Jana eta edana elkarren eskutik doaz maiz, are eta gehiago gainean ditugun egun seinalatu horietan. Mahai jiran sarrien gertatzen den gehiegikerietako bat edari alkoholdun larregi hartzea ohi da. Garagardoa, ardoa, likoreak edo antzeko edariak tartean behin edateak edo neurriz hartu ohi izateak osasunari kalte egiten ez diolarik, kopurua handi eta kontsumoa ohiko direnean gure organismoa larriki toxika dezakete. Ez dezagun ahantzi, Espainiako 15 eta 65 urte bitarteko populazioaren baitan osasun-arazo gehien sortarazten duen sustantzia dela alkohola, tabakoarekin batera, Drogei buruzko Plan Nazional espainolaren (1999-2000) datuen arabera.

Alkoholismoaren definizioa
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) honela definitzen du alkoholismoa: egunean 50 gramo alkohol baino gehiago irenstea, emakumeen kasuan (hots, 10 baso ardo edo hiru whisky) edo 70 gramo baino gehiago, gizonezkoen kasuan (14 baso ardo edo lau whisky). Kopuru horiek kaltegarri gertatzen zaizkio gibelari eta, epe luzera, hepatopatia alkoholikoaren sortzaile izan daitezke; gaixotasun hori arin edo larriago izan daiteke, kontsumitu den alkohol kopuruaren, alkohola irentsi den epearen eta norberaren suszeptibilitatearen arabera.

Alkoholaren metabolismoa
Alkohola hartzeko tolerantzia aldatu egiten da pertsona batetik bestera, degradazio hori egiteko gibelak daukan ahalmen entzimatikoaren arabera. Adibidez, emakumea sentsibleago izaten da gizasemea baino, eskuarki.

Gibelak alkohol hutsa degradatzeko duen gaitasuna mugatua da: 7,5 gramo orduko. Metabolizatu bitartean, alkoholak odoletan barrena zirkulatzen du eta, bere eragin diuretikoaren erruz, organismoa toxikatu egiten du. Baso bat garagardok (17,5 cl), basoerdi bat ardok (6 cl) edo anis motako aperitibo baten herenak (4 cl) daukan alkohola degradatzeko organismoak ordubete behar du. Urdaila zenbateraino beterik dagoen eta janariak daukan gantz kopuruaren arabera diluitzen da alkohola odoletan. Hau da, baso bat edari alkoholdun baraurik edandakoan berehala nozitzen da "efektua" baina, urdaila bete janari baldin badago, eragin horren agerpena geroratu egingo da. Edariaren alkohol-gradua zenbat eta garaiago izan, orduan eta azkarrago igarotzen da odoletara.

Alkohola eta elikagaiak
Alkohola eta karbohidratoak Alkohola kontsumitzeak hipogluzemia (ohi baino azukre-maila apalagoa) sor dezake indibiduo erasokorren baitan -diabetikoak eta gazteak, adibidez-, elikagai solido hidrokarbonatuekin (ogia, arroza, gailetak, etab.) laguntzen ez bada.

Alkohola eta gantzak Hipertriglizeridemiko izateko joera genetikoa agertzen duten pertsonetan triglizerido-tasa altu-altuak hauteman daitezke, are alkohol gutxi hartutakoan ere. Alkoholik hartu gabe bizpahiru aste igarotakoan, ordea, triglizeridoak normaldu egingo dira ostera.

Alkohola eta bitaminak Pertsona normalaren egoera bitaminikoa arras eraldaturik gertatzen da paziente alkoholiko kronikoan.

B1 bitamina: tiaminarik ez izatearen errudun nagusia alkoholismoa da, trastorno neurologikoekin bilakatzen delarik.

B6 bitamina: bitamina hau ez izatea arazo psikiko eta neurologikoen sortzaile da.

A bitamina: toxikazio akutua gertatzekotan, iluntasunera egokitzeko mekanismoak nahas daitezke.

D bitamina: alkoholiko kronikoaren baitan D bitamina zirkulatzailearen murrizketa hautematen da, osteoporosiaren mesedetan.

Alkohola eta ura Alkohol-toxikazio akutuak gernu-produkzioa areagotu egiten du (eragin diuretikoa); fenomeno hori organismoak orekatu egiten du "egarri-gunea" estimulatuz. Horrela bada, egarria kentzeko edari gehiago irensten denez, gurpil zoroan amiltzen da edatuna.

Alkohola eta
Edari baten balio kalorikoa alkohol-graduaren araberakoa da. Alkoholak 7 kilokaloria dauzka gramo bakoitzeko, baina energi iturri horrek ez du balio lan muskularra eragiteko, "kaloria hutsak" baitira horiek, hau da, mantenu gairik gabeak. Horrez gainera, degradatzeko alkoholak B multzoko bitamina ugari behar izaten duenez, organismoa gabeziaren ertzean kokatzen du. Beraz, edari alkoholdun asko kontsumitzeak elikabidea desorekatu egiten du.

Eguneko anoa...
Alkohol kontsumo neurrikoa arazorik gabe pairatzen du organismoak. Neurriko kontsumotzat, egunean 10 eta 30 gramo bitartekoa hartzen da eskuarki. Emakumeak alkohola gizasemeak baino mantsoago metabolizatzen duenez eta, batenaz beste, bere gorputz-masa txikiagoa denez, neurriko alkohol kontsumoa eguneko 20 gramo da emakumeen kasuan. Esan dezagun, bidenabar, 20 edo 30 gramo alkohol hartzea bizpahiru edari alkoholdun irenstearen baliokide dela: 33 cl-ko garagardo bat, basoerdi bat ardo edo ohiko kopa pattar hori (anisa, koñaka, etab.).

Alkoholak osasunean dituen eragin nabarmenak
Bai emakume bai gizasemeetan, bihotzean gaitz iskemikoa nozitzeko arriskua murrizten du -makina bat ikerlanek frogatua dutenez- alkohola ohiz baina tentuz hartzeak. Nolanahi ere, eragin mesedegarri horrez beste aldera, alkohola neurriz hartzeak obesitatea, hipertentsio arteriala, hipertriglizeridemia, gibeleko gaixotasunak, pankreatitisak, gastritisak, minbizi orofaringeoa, hestegorri eta urdaileko minbizia eta, beste maila batean, trafikoko eta antzeko istripuak nozitzeko arriskua areagotu egiten du.


Taula

Alkoholismoak heriotzetan duten eraginari buruzko nik eginiko taula hau igo dut jakinarzteko zelako kaltea sor dezakeen ikusteko. Nolatan heriotza eragin dezakeen faktore bat den, nahiz eta askok holan ez ikusi.







Pagina nueva 1















































  Heriotzak Alkoholaren erruz portzentaia %-n
 Edozein istripuz 734 201 27
 Digestio gaixotasnak 950 180 19
 Tumoreak 5.721 329 6
 Gaixotasun kardiobaskularrak 5.891 61 1
 Beste batzuk 6.129 118 2
 Guztira 19.428 888 5





2009-12-17

euskonews.com-en alkoholismoaren kontzeptuaren eta gugan sortzen duen dependentzi fisiko eta psikologikoari buruz hitzegiten duen testu hau aurkitu dut.


Gizakiak aspaldidanik erabiltzen ditu substantzia psikoeragileak, ez zentzazio atseginak lortu edo zenbait ezerotasun alboratzeko bakarrik, baita helburu sozial, erlijioso eta erritualak lortzeko edo errazteko.

Asko idatzi da drogei buruz eta ez beti zuzen edo egoki. Batzutan esaten dena ez dago oso nabarmenki justifikatua. Are gehiago, askotan helburu propagandistikoekin exageratu egiten da, zientziarekin inolako zerikusirik gorde gabe.

Alkoholismoa, Estatu Espainolak orokorki eta Euskal Herriak bereziki duten mediku eta osasun publikoko arazorik larriena da agian. Horretaz, pertsonengan eta herriengan sortzen duen endakatze-prozesuak ez gintuzke beste drogen kontsumoak baino gutxiago larritu behar.

Gaur egun, interes bakarra ez dago mozkor edo hordikeriaren ondorio penagarrietan, baizik eta alkoholak osasunarentzat dakartzan kalteei arreta handiagoa ematean.

Edari alkoholikoen kontsumoaren arazoaren handitasuna baloratzeko orduan, ezin bazter ditzakegu faktore sail batzuk:

Alkoholak bere gain duen fiskalizazio-egoera berezitik eratorriak, bera izanik lortzeko errazena eta sozialki gehien onartu den droga.
Ekonomian alkoholak jokatzen eta betetzen duen funtsezko tokia.
Populazioaren gehiengo handi batek gaiari buruz duen informazio eskas eta askotan desegokia.
Estatu Espainolak eraman duen osasun politika.

Arrazoi hauengandik edari alkoholikoen kontsumoa aurrerakoa izan da.

Nahiz eta gaurko arazoa izan, historian atzerantz abiatzen bagara, alkoholaren erabileraren lehen berriak Neolitiko garaikoak direla ikusiko dugu. Mesopotamiako eta Egiptoko kulturetan ezaguna zen garagardoaren kontsumoa. Kanaango zibilizazioan ardoa erabiltzen zen, eta honen lekuko ugari, Testamentu Zahar eta Berriaren bidez badugu.

Denbora klasiko eta helenistakoetan, alkoholaren sarraskien ondorioak ongi nabariak dira. Honetaz nahiko dokumentu idatzi ditugularik Eskiloren, Euripidesen eta Plutarkoren obretan, asko izanik ardo-kontsumoan oinarrituriko joko eta erritoak.

Nahiz eta autore askok eta garrantzitsuek bere ahaleginak egin edari alkoholikoen kontsumoa eta gizakiarengan egin dituen ondorioak ikertzen eman dituzten, komenigarria litzateke alkoholismoa eritasun fisikoa bezala, eta horretaz atentzio medikoa behar zuena onartzeko oinarriak jarri zituenaren gogorapen bat egitea. Gizon hau Bruhl-Cramer alemana izan zen, eta bere liburua "Uber die trunksucht und eine rationelle heilmethode derselben" (1819), laguntza handi bat izan zen edari alkoholikoen erabilera jarrai eta gehiegizkoak oinarri fisiko bat zuelaren idearentzat. Berak arreta jarri zuen ,hordikeria bizio bat zelako idea baztertzeko, moral zentzuaren galera ez zela gehiegizko kontsumoaren arrazoia pentsatuz, beraren ondorio bat baizik. Bere meriturik handiena, alkoholismoa zer zen deskribatzea baimendu zuen terminoa sortzea izan zen.

Honen atzetik, Magnuss Huss izan zen XIX mendean alkoholismoari buruz egindako lanik garrantzitsuenaren egilea, bere izena "Chrinische Alkoholskracheit Oder Alkoholismus Chronicus".

Hussek, berak Alcoholismus Chronicus izendatzen zuena, pozadura kroniko bati zor zitzaion eritasun bat bezala definitu zuen, beruna eta artsenikoagatiko pozoaduren berdintsua arlo batzutan eta epe luzean eta modu jarraiean ardo eta beste edari alkoholdunen kontsumoari sekundario zena. Sintoma neurologikoei dagokionez zera esan dezakegu, gaur egun alkoholiko batengan aurki daitezkeen sintoma guziak Hussek bere lanean dagoeneko aipatu zituela.

Korsakof baino 40 urte lehenago, Hussek alkoholikoek jasatzen duten oroimen-galera eta konfabulazioa deskribatu zituen.

Bere kontzeptu honi esker gaur egun DEPENDENTZIA kontzeptura iritsi gara. Hau, alkohola erabilera kronikoaren ondorio garrantzitsuena da. Nahiz eta bere ezaugarriak eragilearen arabera aldatu, dependentzia hitzak zentzu orokorra du, eta edozein motako gehiegizko erabilera izendatzeko balio duelako aukeratu da, gehiegikeria horrek norberaren edo gizartearen osasunean duen arriskuaren larritasuna inola ere aldez aurretik juzgatu gabe, edota fiskalizazio-arau jakin baten beharra. Definizio hau onartu da, droga-dependentzia bezala jotzen diren egoeren ezaugarri garrantzitsuen gehiengo barnean hartzen duelako, definizio honen funtsezko puntu bat droga eta gizakiaren arteko elkarrekintzari ematen zaion tratamendua izanik, hemendik bait dator droga-dependentziak arazo mediku bat izatea. Droga-dependentziak tratamendu medikua behar izateko, nahitaezkoa da eritasun bezala onartzea, eta horretarako nahitaezkoa da droga eta gizakiaren arteko elkarrekintzak ondorio kaltegarriak sortzea, geroago gizartean isladatuko direnak.

Dependentzia bi era ezberdinetara ager daiteke: Dependentzia Psikikoa, tentsio-egoera bat arintzeko droga jakin bat kontsumitzera bultzatzen duena; eta dependentzia Fisikoa, organismo bizidun baten ondoren, aipaturiko droga horiek bapatean kentzeak sortzen dituen aldaketa fisikoen multzoaz nabarmendu dena.
Ondoren zehatz-mehatz azalduko dugu zer ulertzen dugun hauetako termino bakoitzaz, eta baita beraien ezaugarririk nagusienak ere.

Dependentzia Psikikoa

Portaerako gertaera bat da, soilik, zaila da horregatik noiz agertzen den finkatzea, ia kasu gehienetan pertsonaren psikopatologiaren erreflexua baita.

Prozesu hau da bortitzena farmako-dependentzia baten ezarpenean; droga baten kontsumora ohituta dagoen pertsona baten egonezineko egoera batez nabarmentzen da, berriz kontsumitzen denean lasaituz.

Pertsona batean dependentzia psikikorik badagoen jakin nahi dugunean, bi gauza finkatu behar dira:

Droga, pertsona horren bizimodua eratzeko faktore garrantzitsu bat izatea.
Drogaren erabilera beste lehiaketzako mekanismoengain gailentzea.

Lehen puntua betetzen da, denbora, materiale eta indar-kopuru handiak drogaz hitzegin edo bizitzako eta drogetan pentsatzeko ematen badira.

Pertsona batek bere bizitzako egoera ezberdinei, drogak kontsumitu edo ez, modu ezberdinean erantzuten dioenean, bigarren puntua betetzen da.

Orokorki hitzeginez, onartzen da dependentzia psikikoaren ezarpenean, elkarren artean dinamikoki lotuak dauden zenbait faktore sartzen direla, hala nola:

Droga-kontsumoa ematen den talde soziokulturalaren izaera.
Droga ezaugarria, eta kontsumo-mota.
Erabiltzaileen ezaugarriak.
Erabiltzaileak zer espero duen drogagandik.

Dependentzia Fisikoa

Alkoholaren administrazioa moztu, edota bere eragina antagonista baten bidez kontra egiten denean sortzen diren nahasketa fisiko gogorrez agertzen den moldaera edo adaptazio-egoera bezala definitu daiteke. Kontsumo epe luzeen ondoren, gorputzak bere homeostasia mantentzeko alkohola hartzeko duen beharra izango litzateke.

Dependentzia fisikoa tolerantziaz eta abstinentzia sindromeaz agertzen da.

Bi tolerantzia mota bereizten dira, metabolikoa bata, metabolizazio azkarrago bategatik, kontzentrazioa gutxitzen da, eta eraginak horrela moteltzen dira; eta tolerantzia funtzionala bestea, portaerazko eta neuropsikologiazko erantzun berak lortzeko alkohol-kopuru handiagoak hartzeko beharrean agertzen dira.

Abstinentzia-sindromea, kontsumoa bapatean moztu ondoren agertzen diren aldaketa fisiologiko frogagarriez osatzen da. Alkoholaren kasuan, abastinentzia-sindromea bi eratakoa izan daiteke:

Konbultsio itxurazkoa, barbiturikoen kontsumoaren ondorioz agertzen denaren antzekoa.
Delirium Tremensa

Delirium tremens hau, edari alkoholikoen kontsumo historia luze baten ondoren alkoholaganako tolerantzia farmakologikoko egoera bat lortu duten alkoholikoetan agertzen da. Pertsonak alkohol kontsumoa eten edo nabarmenki gutxitzen duenean, beste sintoma multzo bat agertzen da, Delrium tremensari dagozkionak hain zuzen.
Lau sintoma talde bereizi genitzake batez ere.

Hasieran dardarak, hiperaktibitatea eta zeinu neurobegetatiboak nabarmentzen den egoera.
Pertzepzio-ahalmenaren disfuntzioa, batez ere haluzinazioak.
"Gran mal" itxurako konbultsioak.
Dardarak, denbora eta leku-desorientazioa, kontzientziaren gutxitzea, sukarra eta hiperaktibitate motorraz nabarmentzen den egoera.

Hiru lehenengo sintoma-taldeak, normalean edari alkoholikoen kontsumoa eten edo gutxitu ondorengo 24-48 ordutara agertzen dira. Laugarren egoera, edo deliriuma bereziki, edari alkoholikoak kendu eta ondorengo 48-72 ordu bitartean.

Alkoholaganako dependentzia fisikoa agertzeko biderik ziurrena erabakitzen saiatzen diren erizpide asko daude, baina denek onartzen duten neurria da, denbora epe luzeetan alkohol hutsa soileko 50 (bost kopa ardo) gramo egunero kontsumitzea, eritasun alkoholikoa hartzeko bide ziurra.

Portaera ikuspegi batetik alkoholak burmuinaren duen ekintzagatik, zenbait kasuetan kontsumo garrantzitsuak egin ondoren ezinhibizio bat ematen da. Honekin batera agitazio eta portaerako alteraketa oso larriak ikusten dira. Alteraketa hauek alkoholaren ekintza toxikoa eten egiten denean desagertzen dira.

Azkenik, gaixo hauen artean ematen den konplikazio arruntena suizidioa da. Alkoholismoa eta depresioa askotan elkarrekin azaltzen dira. Kasu batzuetan depresioa alkoholismoaren ondorioz azaltzen da, beste batzuetan berriz, alkohola, depresioa gainditzeko baliobide bezala erabiltzen da, eta egoera hauetan ,lehen aipatu dugun bezala, suizidioa eta parasuizidioa krisieko portaera bezala erabiltzen dira. Egin diren ikerketa epidemiologiko gehienetan suizidio eta parasuizidioetan erabiltzen den metodo laguntzailea alkohola izaten da.

2009-12-10

Youtuben aurkitu dudan alkoholismoari buruzko bideo hau usten dizuet ikus dezazuen alkoholismoak izan ditzakeen ondorio fisiko eta psikikoak.


2009-12-03

Interesgarri iruditu zaidan testu hau Baleike.com web-orritik hartu dut eta blogean eskegi dut irakur dezazuen.

Alkoholiko Anonimoak eta Al-Anon (alkoholikoen senideak) elkarteek 23 urte daramatzate Zumaian lanean; bietako partaideekin bildu gara beren lana ezagutzeko "Askotan esaten digute sekta bat garela, anonimotasunagatik, ez garelako zerrendetan agertzen... Baina hori ez da horrela: anonimotasuna ez da ezkutatzeko neurri bat, babes neurri bat baino ez da. Taldearen barruan zintzotasun osoz, askatasun osoz, hitz egiten dugu, barrenak askatzen ditugu, neurri batean, badakigulako taldean hitz egindakoak ez direla handik irtengo. Anonimoak garelako".

Alkoholiko Anonimoak eta Al-Anon, lan isila egiten duten bi elkarte: "Alkoholiko Anonimoak ezagunagoa da; alkoholikoak biltzen ditu. Al-Anonen berri, berriz, jende gutxik du. Alkoholikoen senideak biltzen ditu. Izan ere, senideek ere laguntza behar izaten dute egoerari aurre egiteko".

Elkartearen lehen helburua da senideei laguntzea, gero senide alkoholikoari lagundu ahal izateko. Estatistikek diote alkoholiko bakoitzetik zazpi lagun daudela kalteturik. "Senideek askotan medikuen laguntza behar izaten dute egoerari buelta emateko. Asko kostatzen da ulertzea alkoholismoa gaixotasun bat dela. Al-Anoneko bileretan aurrena Barrena hustutzen dugu, gure arazo berbera duen jendearen aurrean, ulertuko zaituen jendearen aurrean. Jarrerak eta sentimenduak kontrolatzen ikasten duzu gero".

Elkartean parte hartzeko ez da inon izenik eman behar. Nahikoa da bilerara agertzea. "Hemen denok arazo berbera dugunez, badakigu berriari nola egin ongi etorria. Hitz egiteko gogoa badu, guk entzuten badakigu. Eta hasieran ez badu gehiegi hitz egin nahi ez dugu inor behartzen. Taldeko kide batekin bakarka nahiago badu, aukera hori ere ematen dugu".

Behin senideak egoeraren jabe direnean, beren sentimenduak kontrolatzeko gauza direnean eta jarrera egokiak zein diren ikasi dutenean, alkoholikoari laguntzeko prest daude. "Alkoholikoari bere ekintzen arduradun egin behar zaio. Esate baterako, egun batean ez badu lanera joan nahi, berak deitu dezala lanera. Askotan senideek egiten dute, aitzakiaren bat asmatuz. Edo zorren bat utzi badu nonbaiten, zorra kitatu bai, baina zordunari esan azken aldia izango dela eta aurrerantzean alkoholikoarekin konpontzeko. Laguntza eskaini bai, baina ez aurpegia zuritzeko. Senideek alkoholikoa kontrolatzeko joera dute. Hori ez egiten ere ikasi behar da".

Gizartea, itsu
Alkoholak presentzia handia du gure eguneroko bizitzan, baina alkoholismoa ez da ikusi nahi. Gizarteak ez du gaixotasun bat bezala ikusten. Adibide bat jarri digute: "Aurreko batean bazkaria izan genuen senideekin. Bat gerturatu zitzaion senarrari, alkohola eskainiz. "Benga, hori gaindituta daukak eta gaurko egunez zerbait edango dek". Senarrak ezetz, ez diola azalduko zenbat urte daramatzan edan gabe eta egun horretan behintzat ez zuela edateko asmorik. "Joango haiz alboko barrara. Nahiago mozkor ezaguna alkoholiko anonimoa baino", bota zion gero. Horretan bere burua erabat erretratatu zuen. Ba horrelako jarrerak daude gizartean".

Beren esperientziagatik, segituan ohartzen dira norbaitek laguntza behar badu. Baina ez dira zuzenean beraiengana joaten. "Askotan okerrago izaten delako. Laguntza behar duenak eman behar du urratsa. Bestela, alferrik da".

Behin senide alkoholikoak bere egoerari buelta ematen dionean, konfiantza berreskuratzea omen da zailena. Horregatik, ohitura zaharretan ez erortzeko, taldeko bileretan parte hartzen jarraitzen dute. "Mesede handia egiten digu. Gainera, guk uzten badugu, nork lagunduko die berriei?"

Alkoholiko Anonimoak
Berdin berdin funtzionatzen du Alkoholiko Anonimoak elkarteak. Hauek ere 23 urte daramatzate Zumaian lanean. "Ez da hitz egiten ez politikaz, ez erlijioaz, gure arazoaz bakarrik hitz egiten da. Ez da lista pasatzen, eta bakoitzak ahal duen aportazioa egiten du, gastuentzako. Baina ez da derrigorrezkoa". Beraien esperientziaz hitz egin digute:

-"Nik ate hori lehen aldiz zeharkatu nuenean sekulako maitasuna sumatu nuen, itxaropena eman zidaten, laguntzeko prest zeuden, besoak zabalik".

-"Orain ere taldera etortzeko premia sentitzen dugu, hau behar dugu ondo egoteko. Pozoina hor dago beti zain, eta nahikoa da edozein makalaldi, edozein ezbehar berriro erortzeko. Taldera etortzeak indarra ematen dit horri aurre egiteko".

-"Gertukoenei egindako kalteaz jabetzen zarenean, oso gogorra da. Ahal den okerra zuzendu, eta bestearekin aurrera segi behar da. Senideentzat oso gogorra da, denetik entzun behar izaten dutelako. Zu ez zara konturatzen, burbuila batean bizi zarelako"

-"Hona iristen zarenean txikituta zaude. Kalean tximu baten pare tratatu zaituzte. Beraz, lehenengo gauza pertsona hori maitasunez tratatzea da. Gero, entzutea. Tabernetan ez baitzaio entzuten, ez da aintzat hartzen hark esandakoa".

-"Askotan alkoholikoa sarri mozkortzen denarekin nahasten da. Ez du zertan horrela izan behar. Nire bizitzan hiru aldiz mozkortuko nintzen, eta alkoholikoa naiz".

-"Beste alkoholiko batek baino hobeto ez ditu ulertuko alkoholiko baten arazoak"

-"Hemen entzuten ikasten duzu. Hau pribilejio bat da guretzat, hemen zintzotasun osoz hitz egiteko aukera dugulako. Emazteari edo psikologoari ere ez dizkiogu kontatzen hemen esaten direnak".

Telefonoak eta bilerak:

Senideak (Al-Anon)
Bilerak: asteazkenetan 20:30ean eta larunbatetan 19:00etan, parrokiako etxean.
Telefonoa: 650265963

Alkoholiko Anonimoak
Bilerak: asteartetan 20:00etan eta larunbatetan 19:00etan, Udaltzaingoaren ondoan.
Telefonoak: 629141874 / 943248474

2009-11-26

Alkoholismoa

Slidesharetik hartu dut alkoholismoa, gazteak eta bere eraginari buruzko powerpoint hau.